lunes, 19 de diciembre de 2011

Informazioa izatea herritarren eskubidea delako

Azpeitiko herritarren zerbitzuetara dagoen Udal aldizkaria da hain zuzen, Azpeitian Zer?. Hilean behin banatzen da Azpeitiko gutun-ontzietara, eta Azarokoa izan zuen bere historiako 145 garren alea. 1998ko martxoan sortutako Udal aldizkari hau Cristina Fernandez eta Iñaki Martinezen esku dago gaur egun, eta harrotasunez diote euskara hutsean argitaratzen den Udal aldizkari bakarrenetarikoa dela Urola Kostan.


Jurgi ARRUTI AGIRRE

2007an hasi ziren honetan lanean Cristina Fernandez kazetaria  eta Iñaki Martinez diseinatzaile grafikoa. Cristina Fernandezek berri eta erreportajeak idazten dituen heinean, Iñaki Martinez aldizkariaren diseinu grafiko eta egituraz arduratzen da.

         Azpeitian Zer? Azpeitiko Udalaren aldizkari ofiziala den arren, “Eregi, Euskara eta komunikazioa” enpresa da, berau kudeatzen duena. Bi formatutan banatzen zaie hau Izarraitzpeko herritarrei, idatzian eta sarean.

Aldizkari honek betetzen dituen helburu eta eginkizunei dagokionez, biztanleen kezka eta galderak jasotzea eta herriari udalaren ekintza eta erabakien berri ematea dira funtsezkoenak. Hauxe dio Iñaki Martinezek gaiaren inguruan: “Gurea, azken finean, udal aldizkaria da eta ezin dugu gizarteko beste hainbat esparrutara zabaldu; badakigu gaiak beti berberera mugatuta daudela, baina kontziente gara horretaz, eta ez dugu arazorik”.
·       Langileak oso gustura
sentitzen diren arren,
zentsura kasuak egon
direla aitortzen dute

Azpeitiko Udal aldizkariko langile biak oso gustura dauden arren, ez dute ukatzen beraien lana politikariek gainbegiratua izaten dela beti. Azken finean, inork ez du etxean otsorik nahi. Hauxe dio Cristina Fernandezek: “Gaiak aukeratzerakoan, politikariak dira erabakitzaileak, guk proposatutako lanekin ados egon behar dute politikariek, horiek argitaratu ahal izateko”. Jorratu beharreko gaiez gain, bakoitzari eskaini behar zaion orrialde kopurua ere erabakitzen dute Azpeitiko Udaleko kargu altudunek. Hau horrela, zentsura kasuak ere egon, egon direla aitortzen dute Azpeitian Zer? aldizkariko  bi langileek. 

Aldizkari honetako sailik arrakastatsuenari dagokionez, bai batak eta bai besteak ez dute dudatzen: “Eskaerei erantzunez” da azpeitiarrek gehien jarraitzen duten atala. Sail honetan, herritarren zalantzak, galderak, kexuak edota proposamenak agertzen dira aurrena, eta politikarien erantzunak ondoren. Bi eratara eman dezake herriak bere “hitza”: bata, Udaletxe azpian dagoen gutunontzira gerturatuz eta bestea www.azpeitia.net web gunera sartuaz. Cristina Fernandez oraindik ere harriturik dago egunero jasotzen duen gutun kopuruaz: “askok denbora-pasa moduan jarduten dute idazten, eta horrek aspertu egiten du, baina orokorrean, Azpeitiarrak inplikatuta daude”.

                                               Iturria: Uztarria.com

Azpeitiko Udala irudietan, gutun-ontzia arkupeetan dagoelarik.

Behin gutun guztiak irakurri ostean, Cristinak “galbahea pasatzen du” eta batzuk baino ez dizkie pasatzen politikariei. Politikariei ere, ez zaie ordea egokia iruditzen iradokizun guztiei erantzutea, eta amaierarako bospasei galdera-erantzun agertzen dira hileroko Udal aldizkari honetan. “Harrigarria iruditu arren, herritarren eskaerak bideragarriak eta zentzuzkoak direnean, Udalak azkar ekiten du, berehala konpontzen ditu arazoak. Nik behintzat lehen ez nuen udaletxeen kontzeptu hori”, dio Cristina Fernandezek. Gutunontziaren kontzeptua nahiko berria dela ere gehitu behar da. EAE izan zen honetan aitzindaria, 2007 urtean Azpeitian agintzen zeudelarik, herriarekin kontaktatzeko beharra nabaritu zuen orduan alkatea zen Iñaki Errazkinek, eta hortik aurrera gutunontziaren ohitura mantendu egin da Azpeitian.
“Udalak herritarren
gomendioei uste nuena
baino askoz kasu gehiago
Egiten die”
Cristina Fernandez
Azpeitian Zer?-eko kazetaria

Atal honetaz gain, “fototeka” ere arrakastatsua izaten ari dela adierazi dute aldizkariaren bi egileek. Bertan, Azpeitiarren txikitako argazkiak agertzen dira.  “Atal hau oso polita da, batzuetan nostalgikoa bilakatzea ere gerta liteke, azken finean denoi gustatzen zaigu gaztetako argazkiak ikustea”, azaltzen du Iñaki Martinezek.

Herritarrek ere positibo baloratzen dute aldizkariaren lana. Jaio zenetik Azpeitiko biztanlea den Maria Jesus Agirreren ustez, aldizkariaren helburu nagusia, herriko berriez informatzea da, eta Azpeitian Zer?-ek hori ondo egiten duela deritzo. Horretaz gain, dohain izatearen abantaila ere azpimarratzen du Azpeitiarrak. Bere atalik gustukoena erreportajeena da, gai politak ondo jorratzen dituztela uste duelako, baina “eskaerei erantzunez” atalak akats larri bat duelakoan dago: “Niretzako ez dago batere ondo Udalak herritarron gutun guztiak ez irakurtzea. Nire ustez gutun guzti-guztiak irakurri beharko lituzke, eta gainera, denei erantzuna bidali”. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario