lunes, 19 de diciembre de 2011

Antzinako mamuak Santiago Bernabeun

Andrés Iniestak gidaturiko Bartzelonak “bainua” eman zion Real Madrid ilun eta koldar bati. Zuriak lehenengo minuturako aurreratu ziren Benzemaren bitartez atezain culéaren errua aprobetxatuz. Ondorengo minutuetan Cristiano Ronaldok bere eskuin hankan izan zuen klasikoa erabakitzeko aukera, baina portugaldarra ez zen bi abagune garbi horiek sartzeko gai izan. Hortik aurrera “Pep team”-ak partidaren kontrola izan zuen une oro eta norgehiagokan jaun eta jabe izan zen. Alexis, Xavi eta Cesc Fábregas-ek borobildu zuten festa blaugrana

Jurgi Arruti Agirre
Klasikoaren ate aurrean, bi errealitate ezberdin gurutzatzen ziren, hala zioen behintzat prentsak. José Mourinhok gidaturiko Real Madril errekor guztiak hausten ari zen bitartean, Bartzelona azken urteetan erakutsitako hegemonia galtzen ari zela zirudien, ziklo amaieraren kontzeptua ere asko entzuten ari zen meseta zentraleko komunikabideetan. Benetako errealitateak ordea, mundu guztietako telebista eta ordenagailuek atzeman zutenak, argi eta garbi erakutsi zuen Bartzelonak gainontzeko talde guztien gainetik jarraitzen duela. Guardiolak zuzendutako taldea oldarkor agertu zen eta baloiaren jabe bilakatu zen hamabost garren minututik. Madrilek berriz, antzinako mamuak oroituz, izar blaugranen itzalak jarraitu baino ez zuten egin. Hiru puntuak Kataluinarantz egin zuten eta liga oraindik ez dagoela erabakita egiaztatu genuen.

Fernández Borbalánek txistua jo orduko izan zuen Real Madrilek lehen abagunea. Aurrelari zuriak presio gogorra egin zioten Victor Valdés-eri eta honek huts egin zuen baloia hankaz jotzerakoan, alboratzea Özil-eri erori zitzaion eta honen jaurtiketa kaxkarra Karim Benzema frantziarrak aprobetxatu zuen ate aurrean bakarrik, iluntzeko lehen gola egiteko. Afizio merengea eskuak astintzen ari zen, behingoz Bartzelona garaituko zutelakoan.

Pixkanaka-pixkanaka ordea Barça baloiaren jabe izaten hasi zen. Gehiagotasun futbolistiko hori 30.minutuan materializatu zuen Alexis Sánchez Txiletarrak Messiren jokaldi on baten ostean. Atsedenaldira Bernabeuko markagailuan banakoarekin heldu ziren bi taldeak.

Bigarren zatia hasi eta gidoi berdinean ziraun kontuak, Bartzelona zen nagusi jokoan. 54.minutuan iritsi zen 1-2koa. Aldaratze baten ostean, baloia area hertzean geratu zen, Xavi kapitainak boleaz jo zuen eta Madrileko hegala den Marcelok baloia desbideratu ostean, zorte ikaragarriz, biribilak Casillasen atepean amaitu zuen. Txapeldunaren zorteak irribarre egin zien Culé-ei.

Behin partida aldeko, Bartzelonak nahi bezala jokatu zuen. Iniesta direnak eta ez direnak egiten zebilen baloiarekin eta Bernabeuko harmailak pixkanaka husten ari ziren. Kataluniarren hirugarrena noiz iritsiko denbora kontua baino ez zen. 66.minutuan jazo zen partidaren sententzia. Dani Alves eskuin hegaletik igo eta bere erdiraketa Cesc Fábregasek bihurtu zuen bigarren zutoinean, bakarrik, marka barik, erraz gainditu zuen Casillasen atea.

Ordutik aurrera, bi taldeek izan zituzten emaitza apaintzeko aukerak, baina aurrelarien punteria ezak, historiara pasako den 1-3ko emaitza suertatu zuten. Modu honetan, Bartzelona da momentuz Espainiako ligaren leader-a, hori bai, kluben munduko kopa dela eta, Madril partida bat gehiagorekin.

Laburpena eta entrenatzaileen adierazpenak




Fitxa teknikoa:
.1. Real Madril: Iker Casillas; Coentrao, Pepe, Ramos, Marcelo; Xabi Alonso, Lass (Khedira, 63. minutuan), Özil (Kaka, 58. minutuan); Di Maria (Higuain, 68. minutuan), Cristiano eta Benzema.
.3. FC Bartzelona: Victor Valdes; Alves, Pique, Puyol, Abidal; Busquets, Xavi, Iniesta (Pedro, 89. minutuan); Alexis (Villa, 84. minutuan), Cesc Fabregas (Keita, 78. minutuan) eta Messi.
Golak: 1-0. 1. minutuan. Benzema. 1-1. 30. minutuan. Alexis. 1-2. 54. minutuan. Xavi . 1-3. 66. minutuan. Cesc.

Informazioa izatea herritarren eskubidea delako

Azpeitiko herritarren zerbitzuetara dagoen Udal aldizkaria da hain zuzen, Azpeitian Zer?. Hilean behin banatzen da Azpeitiko gutun-ontzietara, eta Azarokoa izan zuen bere historiako 145 garren alea. 1998ko martxoan sortutako Udal aldizkari hau Cristina Fernandez eta Iñaki Martinezen esku dago gaur egun, eta harrotasunez diote euskara hutsean argitaratzen den Udal aldizkari bakarrenetarikoa dela Urola Kostan.


Jurgi ARRUTI AGIRRE

2007an hasi ziren honetan lanean Cristina Fernandez kazetaria  eta Iñaki Martinez diseinatzaile grafikoa. Cristina Fernandezek berri eta erreportajeak idazten dituen heinean, Iñaki Martinez aldizkariaren diseinu grafiko eta egituraz arduratzen da.

         Azpeitian Zer? Azpeitiko Udalaren aldizkari ofiziala den arren, “Eregi, Euskara eta komunikazioa” enpresa da, berau kudeatzen duena. Bi formatutan banatzen zaie hau Izarraitzpeko herritarrei, idatzian eta sarean.

Aldizkari honek betetzen dituen helburu eta eginkizunei dagokionez, biztanleen kezka eta galderak jasotzea eta herriari udalaren ekintza eta erabakien berri ematea dira funtsezkoenak. Hauxe dio Iñaki Martinezek gaiaren inguruan: “Gurea, azken finean, udal aldizkaria da eta ezin dugu gizarteko beste hainbat esparrutara zabaldu; badakigu gaiak beti berberera mugatuta daudela, baina kontziente gara horretaz, eta ez dugu arazorik”.
·       Langileak oso gustura
sentitzen diren arren,
zentsura kasuak egon
direla aitortzen dute

Azpeitiko Udal aldizkariko langile biak oso gustura dauden arren, ez dute ukatzen beraien lana politikariek gainbegiratua izaten dela beti. Azken finean, inork ez du etxean otsorik nahi. Hauxe dio Cristina Fernandezek: “Gaiak aukeratzerakoan, politikariak dira erabakitzaileak, guk proposatutako lanekin ados egon behar dute politikariek, horiek argitaratu ahal izateko”. Jorratu beharreko gaiez gain, bakoitzari eskaini behar zaion orrialde kopurua ere erabakitzen dute Azpeitiko Udaleko kargu altudunek. Hau horrela, zentsura kasuak ere egon, egon direla aitortzen dute Azpeitian Zer? aldizkariko  bi langileek. 

Aldizkari honetako sailik arrakastatsuenari dagokionez, bai batak eta bai besteak ez dute dudatzen: “Eskaerei erantzunez” da azpeitiarrek gehien jarraitzen duten atala. Sail honetan, herritarren zalantzak, galderak, kexuak edota proposamenak agertzen dira aurrena, eta politikarien erantzunak ondoren. Bi eratara eman dezake herriak bere “hitza”: bata, Udaletxe azpian dagoen gutunontzira gerturatuz eta bestea www.azpeitia.net web gunera sartuaz. Cristina Fernandez oraindik ere harriturik dago egunero jasotzen duen gutun kopuruaz: “askok denbora-pasa moduan jarduten dute idazten, eta horrek aspertu egiten du, baina orokorrean, Azpeitiarrak inplikatuta daude”.

                                               Iturria: Uztarria.com

Azpeitiko Udala irudietan, gutun-ontzia arkupeetan dagoelarik.

Behin gutun guztiak irakurri ostean, Cristinak “galbahea pasatzen du” eta batzuk baino ez dizkie pasatzen politikariei. Politikariei ere, ez zaie ordea egokia iruditzen iradokizun guztiei erantzutea, eta amaierarako bospasei galdera-erantzun agertzen dira hileroko Udal aldizkari honetan. “Harrigarria iruditu arren, herritarren eskaerak bideragarriak eta zentzuzkoak direnean, Udalak azkar ekiten du, berehala konpontzen ditu arazoak. Nik behintzat lehen ez nuen udaletxeen kontzeptu hori”, dio Cristina Fernandezek. Gutunontziaren kontzeptua nahiko berria dela ere gehitu behar da. EAE izan zen honetan aitzindaria, 2007 urtean Azpeitian agintzen zeudelarik, herriarekin kontaktatzeko beharra nabaritu zuen orduan alkatea zen Iñaki Errazkinek, eta hortik aurrera gutunontziaren ohitura mantendu egin da Azpeitian.
“Udalak herritarren
gomendioei uste nuena
baino askoz kasu gehiago
Egiten die”
Cristina Fernandez
Azpeitian Zer?-eko kazetaria

Atal honetaz gain, “fototeka” ere arrakastatsua izaten ari dela adierazi dute aldizkariaren bi egileek. Bertan, Azpeitiarren txikitako argazkiak agertzen dira.  “Atal hau oso polita da, batzuetan nostalgikoa bilakatzea ere gerta liteke, azken finean denoi gustatzen zaigu gaztetako argazkiak ikustea”, azaltzen du Iñaki Martinezek.

Herritarrek ere positibo baloratzen dute aldizkariaren lana. Jaio zenetik Azpeitiko biztanlea den Maria Jesus Agirreren ustez, aldizkariaren helburu nagusia, herriko berriez informatzea da, eta Azpeitian Zer?-ek hori ondo egiten duela deritzo. Horretaz gain, dohain izatearen abantaila ere azpimarratzen du Azpeitiarrak. Bere atalik gustukoena erreportajeena da, gai politak ondo jorratzen dituztela uste duelako, baina “eskaerei erantzunez” atalak akats larri bat duelakoan dago: “Niretzako ez dago batere ondo Udalak herritarron gutun guztiak ez irakurtzea. Nire ustez gutun guzti-guztiak irakurri beharko lituzke, eta gainera, denei erantzuna bidali”. 


domingo, 18 de diciembre de 2011

Euskaraz txioka



Sare sozialak gora doaz etengabe hegaldi bizian.  Euskara ere, zurrunbilora batzeko prest dela dirudi.

 Lander Arretxea


Interneten agerpenak mila bide berri ireki zituen moduan, Twitter eta antzeko sare sozialen garapenak ere komunikazioa zein harreman pertsonalen kudeaketan aldaketa handiak eragin ditu. Ingelesa da sarearen jaun eta jabe baina, zer moduz moldatzen gara euskara eta euskaldunok bertan?


Twitter gizarte sare eta microblogging zerbitzua da, bere erabiltzaileei testu soileko mezuak bidaltzea ahalbidetzen diena, 140 karaktereko gehienezko luzerarekin. Hala dio Wikipediak. 2006an sortutako sare sozial honen funtzionamendua zein erabilera oso sinplea izanagatik, gero eta gehiago dira bere besoetan erortzen direnak. Euskaldunak ere urte batzuk beranduago izan arren, murgildu gara bertan, eta apurka-apurka baina etenik gabe, erabiltzaile kopurua hazten ari da.

Lehen begiratuan, zaila da Twitter-en euskaldunon jarduera eta presentzia aztertzea, pertsona eta profil bakoitzak bere ezaugarriak baititu. Hala ere, sarea datu-biltegi erraldoia izanik, galdera egokiak formulatuz gero, posible da informazio interesgarria eskuratzea.


Zenbat gara?

Sare sozialetan hedabideek pisu handia dutenez, profil bat dugun euskaldunen kopurua ezagutzeko modu sinple bezain baliogarri bat, euskaraz soilik argitaratzen den egunkari bakarrak duen jarraitzaile kopurua aztertzea da. Berria egunkaria (@berria) 6.543 profilek jarraitzen dute. Zenbaki honek euskara ulertu eta Euskal Herriko gertakizunez arduratzen den erabiltzaileak ordezkatzen ditu, baina ez du hauek euskara erabiltzen dutenik baieztatzen.

Erabileraren inguruko datuak ezagutu ahal izateko, badira beste tresna batzuk, Umap esaterako.  Webgune honek, Twitter-en euskaraz idatziriko guztia bildu eta antolatzen du, azken orduetan zein epe luzeagoan gehien errepikatu diren hitzak ere identifikatuz.

Umap-ek euskaraz idazten duten 6.025 profil eta horiek idatziriko euskarazko 4.386.342 tweet antzematen ditu. Antzeko funtzioa betetzen duen beste gune bat Indigenous da, hiztun gutxiko hizkuntzen datuak biltzen dituena. Bigarren honen arabera, 5.773 gara euskaraz jarduten garen erabiltzaileak, eta horien artean aktiboena @berria (Berria egunkariaren profila) da.


 
Zer diogu?

Twitter-eko euskararen erabilerari zenbakiak jarri ostean, esaten dena aztertzea da hurrengo pausoa. Sortzaileen hitzetan, hasiera batean norberak eguneroko bizitzen egiten zuena besteekin konpartitzeko baliabide izateko helburuarekin sortu zen. Denborak aurrera egitearekin batera hala ere, erabat aldatu da sare sozialaren funtzio nagusia. Gaur egun, bizimodu biziki interesgarria izan ezean, txartzat jotzen da inork jakin nahi ez duenari 140 karaktere dedikatzea.

Komunikabideek sarera salto egitearekin batera, haien edukiak sustatu eta zabaltzeko tresna paregabetzat jo dute hegazti baten irudia hartzen duen plataforma berritzailea. Izan ere, euskarazko zein erdarazko erabiltzaileok bertara jotzen dugu eguneko informazioaren bila, baita deigarri zaizkigun gauzak besteei zabaldu ere. Honela, elkarrizketa, interakzioa eta edukien zabalkundea sustatu eta gauzatzeko erabili dezakete sare soziala.

Albisteak, gertakariak zein eduki interesgarriak zabaltzea Twitter-en funtzio nagusitzat jo badezakegu ere, beste hainbat joera ere nagusitzen dira euskaldunen artean. Aipagarrienak, umorea (hitz-jokoak, txisteak), iritzia ematea, eztabaida eta solasa dira.

Nolakoak gara?

Esan bezala, plataforma sozial hau hainbat eginkizunetarako erabil daiteke. Hala ere, funtzioak zerikusi handia du erabiltzailearen ezaugarriekin.

Aurretik aipatu moduan, hedabideek  batik bat edukiak zabaltzeko dituzte profilak Twitter-en.  Euskarazko gainontzeko erabiltzaileen joera aztertzeko aldiz, beharrezkoa da nolakotasunari dagokionez hainbat multzo osatzea.

Hedabideen funtzio antzekoa betetzen duten profilen multzoa enpresek, alderdi politikoek zein erakundeek osatzen dute. Hauen helburu nagusia komeni zaizkien edukiak zabaltzea izan ohi da, baita haien jardueraren berri ematea ere.

Beste multzo aipagarri bat alor desberdinetako (komunikazioarekin loturikoak batik bat) adituek (kazetariak, webmasterrak, idazleak, unibertsitateko irakasleak, soziologoak… ) zein Twitter-en esperientzia zabala dutenek osatzen dutena da. Talde honetan kokatzen direnak oso aktiboak izan ohi dira, eta edukiak zabaltzeaz gain, umoreari zein iritzia plazaratzeari eskaintzen dizkiote maiz 140 karaktereak.

Azkenik, hirugarren multzoa, erabiltzaile arruntei dagokie.  Hauen artean ere, bi talde bereiz litezke. Lehenik, sare soziala kazetariek, hedabideek edota pertsonaia adierazgarriek diotena biltzeko erabiltzen dutenak, eta bigarren, Twitter-en funtzio primitibo hartara itzuliz lagunekin hitz egin eta egindakoak kontatzeari ekiten diotenak.

#TwitterEuskaraz

Euskaraz jardutea bultzatzeko, beharrezkoa da euskara izatea tresna bera erabiltzeko hizkuntza. Oinarri horri helduta, Argia-ko kazetari den Lander Arbelaitzek Twitter euskaratu dezaten eskatzeko kanpaina bati hasiera eman zion aurretik Katalanarekin egindako eredua jarraituz. Horretarako erabilitako gakoa #TwitterEuskaraz izan zen, eta arrakasta handia izan zuen erabiltzaileen artean. 3.000 inguru eskaera batu zituen, Xabi Alonso eta Patxi Lopezena tartean baita hainbat hedabidetan agertu ere. 

 
Sarean euskara sustatzeko, argiaren kanpaina. 

Dirudienez oraingoz ezin izango da Twitter-en euskarazko bertsiorik erabili, baina hazia ereinda dago jada. Euskaldunok eta euskarak  gogor heldu diogu sare sozialen bideari baina, aurrera begiratzen jarraituko behar dugu oraindik, atzean geratu nahi ez badugu behintzat.





Idiazabal Gazta, gazta huts bat baino gehiago

 Myriam Aranburu

Gozatzeko, amesteko, irabazteko, erosteko, liluratzeko, oparitzeko… horrelakoa da Idiazabal Gazta


Herri txikia izan arren, Idiazabalek merezitako ospea lortu du urteak aurrera joan ahala. Xaguek ere hainbeste maite duten gaztaren inguruan ari gara berbetan. Idiazabal Gaztak Goierriko herriaren izen bera du bai, baina hala ere leku askotan egiten da Idiazabal Gazta; Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroan hain zuzen. 

Ardiak, Urbia, Aralar, Urbasa eta San Donatoko mendilerroetan egon ohi dira.  Latxa ardien esnearekin egindakoa izan behar du Idiazabal Gaztak, ezinbestean. Gazta honen kilo bat lortzeko, 6 litro esne inguru behar izaten dira, eta honek, artzainei muga naturalak jartzen dizkie gazta kantitate bat egiterako orduan. Kontuan izanik hori, denbora asko hartzen dute artzainek gazta egiteko. Horrez gain, gehitu egin behar zaio saltzerako orduan dauden mugak, denbora batez ere. Ez dago denborarik muga zabaletan saltzeko gazta. Edo ez zegoen behintzat. Orduan etorri zen hitz magikoa, Internet. Interneten bidez saltzeak hainbat hesi gainditu, eta mugak zabaldu dizkie artzainei. Web-orrien bidez, gaztak saltzeko aukera zabaldu baizaie. 

Kalitate handiko gazta izaten denez, hainbat ezaugarri bereizgarri izaten ditu, kolore, usain eta zaporearen inguruan. Gainera, gazta txuria edo keduna izan liteke. Gazta zuriaren kolorea, izenak berak dioen bezala, txurira gerturatzen da. Esne zaporea izaten du nagusi. Aldiz, kedun gaztak beste elaborazio bat izaten du. Gazta egin ondoren, Jada jateko moduan dagoelarik, kea ematen zaio txabola batean. Bertan, kea sartzen dute hodi batzuen bidez, eta kea egiteko erabiltzen diren arbolen enborrak normalean gereziarenak izaten dira. Honekin, kolorea emateaz gain gaztaiari, zaporea ere berezia ematen dio. 
Baina kalitateaz hitz egiten ari garenez, mundu honetan aditua den Javier Aranbururekin egon gara. Berak, bere bi anaiekin batera osatzen du J. Aranburu elkartea, hainbat eta hainbat txapelketetan garaile irten direnak. Hauek, gaztandegi bat daukate Idiazabal herrian bertan. Gaztandegian gaztaren prozesu osoa azaldu ohi dute, eta amaieran gazta probatzeko aukera dago.  Berak Idiazabal Gazta ospetsua izatearen hainbat sekretu badazki. 


“Ardi berezi bat duelako du fama” izan ere, kanpoko janarekin “oso ongi” moldatzen da latxa ardia. Aranbururen hitzetan, horrek laguntzen dio esne desberdina izatea beste produkzio maximoetan erabiltzen denarekin alderatuz. “Gure ardia berezixeagoa da” dio, “horrek laguntzen dio Gaztaiai gusto berezi bat izaten. Egie da baita ere, gazta ketuaren bidez ezaguna dela Idiazabal Gazta. Gazta gordinetan beste fama asko duten gaztan paren ez dauka inolako aitzakiarik.
Guk zorionez, turismo mailan lan asko egiten dugu, zorionez Idiazabal herrira jende asko etortzen da, turista berezia etortzen da. Gaur egun dauden aukerekin komertzializatzeko aukera izaten degu. Gure gazta ikusiko duzu New York-en, Harrods-en, eta gure gazta ikusiko duzu Europa mailan edozein lekutan. Eta gastronomie gustatzen zaien pertsonen artean ezaguna da ”.


Idiazabalgo Gaztaren ospea lotuta dago Ordiziarekin. Bertan ospatzen dira Euskal Jaiak, eta irailean egiten den txapelketa honek garrantzi handia du. Ordiziako azoka berez garrantzitsua da, baina gazta protagonista nagusia bihurtzen da horrelako txapelketetan, beste toke bat emanez azokari. D `elikatuz zentroa Ordizia erdian dago, eta bertan elikadura lantzen dute. Zentroan lan egiten duen Gemma Lopez-ek adierazi du Idiazabalgo Gaztaren garrantzia Ordiziako azokan:
“Idiazabalgo gaztak oso harrera ona daukala esango nuke, Ordiziako azoka gazta gabe ez zen berdina izango. Bisitan etortzen diren turistak gastronomiari garrantzia ematen diete, beste turista mota bat da, gure kultura ohiturak, identitatea..ba hori baloratzen dute. Nik uste det horregatik daukela fama”.

Azokez gain ordea, Idiazabal Gazta hainbat lekutan aurki daiteke. Supermerkatu, jatetxe… eta Donostiako Branka Jatetxekoek honen inguruan hitz egin digute, bertako jabeetako batek hain zuzen. Cristina Izagirrek Idiazabalgo gazta zergatik erabiltzen dutenean galdetutakoan, Idiazabalgoa delako bera jakinarazi du. “Ez nuen inolako zalantzarik izan Idiazabal Gazta behar zela” esan ondoren, gazta postreak egiteko erabiltzen dutela adierazi du: “Neguan gaztaren postrea egiten dugu, artoa eta Idiazabal Gazta erabiliz”. 




Gaztaren mundua askorentzat da erakargarria. Jende askoren ahotan izaten da beti, irrati, egunkari eta telebistetan ere egiten diete aipamen bat. Euskal Herriko sukaldari, aktore, txirrindulari… famatuenak izan dira Idiazabalgo Gaztaren inguruko epaimahaietan, Javier Aranburuk “Altxor” deitu dion produktu hau probatzen. Xaguak bezala, gaztaren atzetik.

miércoles, 14 de diciembre de 2011

Liga asko dago oraindik

"Liga asko dago oraindik". Hauxe izan zen aspaldian interes gehien piztu duen klasikotik gehientsuenek ateratako emaitza. Pasa den larunbatean, gaueko 10etan Real Madril eta Bartzelona lehiatu ziren Santiago Bernabeun, eta beste behin, Guardiolaren mutilak izan ziren garaile.

Lander Arretxea



Lehen minutua amaitu aurretik, Benzemak bat eta hutsekoa egin zuen  Valdes-en hankasartzea balioztatuz. Gauak itxura ona zuen madrildarrentzat, baina zoriontasunak ez zien nahi bezainbeste iraun. Lehen hogei minutuetan egoerara moldatu gabe jarraitzen zuten bi taldeek. Bartzelonak gol goiztiarrari buelta emateko saiakeran ohikoa ez den prezisio falta erakutsi zuen eta Real Madrilek aldiz, bazirudien nahikoa zuela sartutako golarekin. 

Orduerdia gainditu aurretik berriz ere Real Madrilek izan zuen bigarren ziztada emateko aukera, baina egun txarra zuela erakutsiz, Cristiano Ronaldo-k normalean arazorik gabe sartuko lukeen baloia harmailetara bidali zuen. Barkatzen duenak sufritu behar izaten du, eta halaxe izan zen Santiago Bernabeun. Minutu batzuk beranduago Messi-ren maisuki bidalitako baloia bikain definitu zuen Alexis-ek markagailua berdinduz. 45 minutu ostean, 1-1-arekin bideratu ziren 22 jokalariak aldageletara. 



Bigarren zatian berriro ere lo atera ziren munduko bi talde onenak, baina 52. minutuan Marceloren eta zortearen laguntzarekin Casillas-en atea zulatu zuen Xavi-k. Hortik aurrera, Mourinhoren mutilak urduritasunak jan zituen eta partidutik ezabatu ziren. Bartzelonak ohi bezala, lehiakidearen ahultasun momentu hortaz baliatzen jakin eta "tiki-taka" estiloa besarkatu zuen baloiaren jabetza hartuta. 64. minutuan pase konbinazio eder baten ostean baloia Alves-i iritsi zitzaion eta eskuin hegaletik erdiraketa paregabea atera zuen Cesc-ek barrura bidali zezan. Azken orduerdian nahi izan zuen moduan zorabiatu zuten Xavi eta Iniesta maisuek Real Madril nahiz eta markagailua bere horretan mantendu.



Mourinhoren mutilek hiru puntuko aldea dute oraindik, baina 15 garaipen jarraian eskuratu ostean golpe gogorra izango da etxean partidua galdu izana. Bartzelonak aldiz, beharrezko zuen bultzadatzat har litzake hiru puntu hauek, eta lasaitasunez abiatu da Japonen mundialitoa jokatzera. Izan ere, liga asko dago oraindik.


Protagonisten adierazpenak: