lunes, 19 de diciembre de 2011

Antzinako mamuak Santiago Bernabeun

Andrés Iniestak gidaturiko Bartzelonak “bainua” eman zion Real Madrid ilun eta koldar bati. Zuriak lehenengo minuturako aurreratu ziren Benzemaren bitartez atezain culéaren errua aprobetxatuz. Ondorengo minutuetan Cristiano Ronaldok bere eskuin hankan izan zuen klasikoa erabakitzeko aukera, baina portugaldarra ez zen bi abagune garbi horiek sartzeko gai izan. Hortik aurrera “Pep team”-ak partidaren kontrola izan zuen une oro eta norgehiagokan jaun eta jabe izan zen. Alexis, Xavi eta Cesc Fábregas-ek borobildu zuten festa blaugrana

Jurgi Arruti Agirre
Klasikoaren ate aurrean, bi errealitate ezberdin gurutzatzen ziren, hala zioen behintzat prentsak. José Mourinhok gidaturiko Real Madril errekor guztiak hausten ari zen bitartean, Bartzelona azken urteetan erakutsitako hegemonia galtzen ari zela zirudien, ziklo amaieraren kontzeptua ere asko entzuten ari zen meseta zentraleko komunikabideetan. Benetako errealitateak ordea, mundu guztietako telebista eta ordenagailuek atzeman zutenak, argi eta garbi erakutsi zuen Bartzelonak gainontzeko talde guztien gainetik jarraitzen duela. Guardiolak zuzendutako taldea oldarkor agertu zen eta baloiaren jabe bilakatu zen hamabost garren minututik. Madrilek berriz, antzinako mamuak oroituz, izar blaugranen itzalak jarraitu baino ez zuten egin. Hiru puntuak Kataluinarantz egin zuten eta liga oraindik ez dagoela erabakita egiaztatu genuen.

Fernández Borbalánek txistua jo orduko izan zuen Real Madrilek lehen abagunea. Aurrelari zuriak presio gogorra egin zioten Victor Valdés-eri eta honek huts egin zuen baloia hankaz jotzerakoan, alboratzea Özil-eri erori zitzaion eta honen jaurtiketa kaxkarra Karim Benzema frantziarrak aprobetxatu zuen ate aurrean bakarrik, iluntzeko lehen gola egiteko. Afizio merengea eskuak astintzen ari zen, behingoz Bartzelona garaituko zutelakoan.

Pixkanaka-pixkanaka ordea Barça baloiaren jabe izaten hasi zen. Gehiagotasun futbolistiko hori 30.minutuan materializatu zuen Alexis Sánchez Txiletarrak Messiren jokaldi on baten ostean. Atsedenaldira Bernabeuko markagailuan banakoarekin heldu ziren bi taldeak.

Bigarren zatia hasi eta gidoi berdinean ziraun kontuak, Bartzelona zen nagusi jokoan. 54.minutuan iritsi zen 1-2koa. Aldaratze baten ostean, baloia area hertzean geratu zen, Xavi kapitainak boleaz jo zuen eta Madrileko hegala den Marcelok baloia desbideratu ostean, zorte ikaragarriz, biribilak Casillasen atepean amaitu zuen. Txapeldunaren zorteak irribarre egin zien Culé-ei.

Behin partida aldeko, Bartzelonak nahi bezala jokatu zuen. Iniesta direnak eta ez direnak egiten zebilen baloiarekin eta Bernabeuko harmailak pixkanaka husten ari ziren. Kataluniarren hirugarrena noiz iritsiko denbora kontua baino ez zen. 66.minutuan jazo zen partidaren sententzia. Dani Alves eskuin hegaletik igo eta bere erdiraketa Cesc Fábregasek bihurtu zuen bigarren zutoinean, bakarrik, marka barik, erraz gainditu zuen Casillasen atea.

Ordutik aurrera, bi taldeek izan zituzten emaitza apaintzeko aukerak, baina aurrelarien punteria ezak, historiara pasako den 1-3ko emaitza suertatu zuten. Modu honetan, Bartzelona da momentuz Espainiako ligaren leader-a, hori bai, kluben munduko kopa dela eta, Madril partida bat gehiagorekin.

Laburpena eta entrenatzaileen adierazpenak




Fitxa teknikoa:
.1. Real Madril: Iker Casillas; Coentrao, Pepe, Ramos, Marcelo; Xabi Alonso, Lass (Khedira, 63. minutuan), Özil (Kaka, 58. minutuan); Di Maria (Higuain, 68. minutuan), Cristiano eta Benzema.
.3. FC Bartzelona: Victor Valdes; Alves, Pique, Puyol, Abidal; Busquets, Xavi, Iniesta (Pedro, 89. minutuan); Alexis (Villa, 84. minutuan), Cesc Fabregas (Keita, 78. minutuan) eta Messi.
Golak: 1-0. 1. minutuan. Benzema. 1-1. 30. minutuan. Alexis. 1-2. 54. minutuan. Xavi . 1-3. 66. minutuan. Cesc.

No hay comentarios:

Publicar un comentario